XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arkadik ordea ez zuen etsitzen.

Pasiloan lo zegoen jende artean zihoan, denei ikasgelara jaisteko esaka.

Gainerakook ere lagundu egin genion, eta Migel Buts, Anton Veria, Ramon Gars eta Oriol Mussar ere beste lagunak konbentzitzen ahalegintzen ziren.

Behin berriro zortzi ginen.

Baina geletako ateak ez ziren irekitzen eta mahukek ez zuten jada ezertarako balio, horrexegatik bilera pasiloan egin genuen, arropa busti, izara eta sakabanatutako kristal hautsien artean.

Inguruan nekaturik begiratzen ziguten begi gorrituak besterik ez, begi itxiak eta arropa umelaren usaina.

Arkadi, irakasle baten holografia baten moduan, aulki batera igo eta hizketan hasi zen:

- Ikastetxea utzi beharrean gaude -hasi zen.

Eta gure lagunen aurpegi asko nahigabez bete ziren, izan ere gure ikasle munduak gau batez porrot egin bait zuen eta inork ez bait zekien zer egingo ote genuen handik aurrera.

Oinetakoak bustita geneuzkala, astiro-astiro gindoazen.

Eguzkiak jotzen zuen arren airea oraindik freskoa zen eta gorputza motelduta genuen.

Arkadiri eta Ramon Garsi jarraitu nien, mendian gora, bidea zabalduz, eta gure atzekaldean lagun ilara berezi bat zetorren, pijaman, erdi biluzik edota izaretan bilduta.

Eta makinalki, beren gogoz kontra zihoazela ematen zuen, ikastetxetik behartuta atera bagenitu bezala.

Jaisten hasi baino lehen, han goian, pinuak amaitu eta belarra oraindik horia zen tokian etzan ginen.

Besteak sakabanatuta etzan ziren, gorputz pilatuen talde nahasietan, ahoz gora, ahoa zabalik eta arnasketa urdurian.

- Itzuli egin beharko dugu.

Gauza asko salba dezakegu -esan zuen Jurgik.